UDA EUSKARAZ GOZATU!

Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema aldarrikatzeko asmoz, mobilizazioak egiten ari dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko euskara taldeek eta Ikamak deituta. Hezkuntza euskaraz izango da lelopean hartu dituzte kaleak.

Jende ugari bildu da protestetan, eta hainbat aldarrikapen eta salaketa egin dituzte. Egungo hezkuntza sistema kritikatu dute, eta argi adierazi: «Euskaraz ikasi nahi dugu».

Ikasleek juntadizoak egin dituzte campusetan mobilizazioen aurretik, eta euskarazko hezkuntzaren aldeko aldarriak oihukatuz joan dira protesten abiapuntura. «Hezkuntza euskaraz izango da» eta «ikasleon borroka euskararen alde», besteak beste. NUPeko Euskara Taldeak azpimarratu du kalera irtengo direla ikasleen eskubide eta nahia den «hezkuntza euskaldun bat» aldarrikatzeko.

Protestak ere izan dira goizean. Elkarretaratzea egin du EHU Leioako Euskara Taldeak, eta ertzainek taldeko bost kide identifikatu dituztela salatu dute: «Ez gaituzte geldituko. Hezkuntza euskaraz izan behar da!».

Hainbatek egin dute bat deialdiarekin, eta babes mezuak helarazi. Esaterako, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskalgintzaren Kontseiluak.